nazioanfibio


Gaztezuloko diskuek!
May 14, 2012, 12:28 pm
Filed under: Musika

“Leaving Atlanta”

Gentleman Jesse

Honatx AEBetako Atlanta hiriko power pop banda handiaren bigarren lana; oker ez banago The Barreracudas taldearen Nocturnal Missiones diskoaren iruzkinean ere aipatu nuen. Izan ere, biek ala biek rock riff sendoen gainean eraikitako pop kanta bikainak idazten dituzte. Gentleman Jesseren proposamena, baina, zabalagoa da. Hala, nabarmen edaten du 70eko hamarkadako new wave estilotik (I’m only lonely), baina baita 60ko hamarkadako garage-rocketik (Frosbite) edo 50eko rock-and-roll zaharretik (Rooting For The Underdog) ere. Nabarmentzekoa da teklatuen presentzia. Power pop maisulana.

“At Last!”

Etta James

Oraintsu hildako Etta James soul eta rhythm and blues kantari mitikoaren estreinako lana berrargitaratu du Doxy zigiluak LP formatuan (CDa opari). Tartean, diskoari izenburua ematen dion kanta eta All I Could Do Was Cry blues piezak daude, harribitxiak. Bi doinuok Billy Gordy Motown diskoetxeko konposatzaileak idatzi zituen, eta aiene gogoangarri bihurtzen dira abeslari beltzaren ahots-kordetan, soka konponketa bikainez jantzita. Doinu biziagoak ere jasotzen ditu, Spoonful R&B klasikoa kasu. Bizitza bera baino handiagoa da.

“Déjese llevar”

Fiera

Ponny Bravoko kideen bigarren proiektua da Fiera. Lehenengoan psikodelia, reggaea eta flamenkoa maisuki uztartu dute; bigarrenean, berriz, taldearen alderik esperimentalena, punk zaleena eta lotsabakoena erakutsi dute. Erritmo sinkopatu eta errepikakorretan sustengatzen diren dozena bat aberrazio bildu dute: Cuentas-en xurgagailu bat entzuten da 70eko hamarkadan The Electric Eels abangoardistek egin zuten bezala; Soy Mark E. Smith-en The Fall-eko abeslaria omentzen dute, eta Drogas-en estupefazienteen kontsumoa kritikatzen dute ironiaz. Andaluziarren zale bihurtzeko fundamentuzko bigarren arrazoia.

“Sonoran”

Destruction Unit

Ryan Rousseau (Elvis Wong) musikari estatubatuarraren egitasmoa. Bere ibilbidearen hastapenetan, sintetizadoreekin jositako punk diskoak grabatzen zituen hainbaten laguntzarekin, tartean, Jay Reatard Memphis hiriko musikariarekin. Baina 2010ean Reatard hil zenean, Rousseauk taldea irauli zuen. Horren erakusle da Sonoran hau: krautrockaren eta space-rockaren eremu hipnotikoetan onduriko sei kanta luze eta amaiezin. Hala, aurreko Eclipse diskoan agertu ziren lehendabiziko zertzelada psikodelikoek oraingoan disko osoa monopolizatu dute. Hortaz, eseri, erlaxatu eta bidaiatu desertuan barrena.

Nocturnal Visions”

The Barreracudas

AEBetako Atlanta hiriko Douchemaster Records egungo power pop talde onenen diskoak argitaratzen ari da, tartean, Gentleman Jesse bikainenak –hil honetan bigarren lana plazaratuko dute–; eta The Barreracudasenak. Nocturnal Visions hau melodiaz eta energiaz beteriko riff gitarrez josia dator, 70eko hamarkadan Dwight Twilleyk, Tom Pettyk edo Cheap Trickek egiten zuten antzera, –azkenen horien C’mon, C’mon egokitu dute dotoreziaz–. Gainontzeko kantak aipaturiko estiloaren doinu eredugarriak dira. Hala, Baby, baby, baby edo Numbers ahoan eztanda egiten duten pop karameluak dira.

“El Camino”

The Black Keys

Bikote estatubatuarraren lan berria iazko disko onenen zerrenda guztietan agertzen ari da, bai ala bai. Izan ere, Brothers aurreko lanaren milioi bat ale saldu zituen eta bi Grammy sari jaso. Hala, El Camino honekin blues-rocker pareak hamar urteko ibilbidea bete du, eta hedabide nahiz zaleen onespena jaso. Ez da gutxiagorako. Izan ere, ordu erdiko iraupenarekin, 11 kantak blues, funk eta glam erritmoetan bustita datoz, eta etxean entzuteko zein tabernetan dantzatzeko aproposak dira. Horren erakusle, nonahi entzuten den Lonely Boy singlea, menpekotasuna sortzeko moduko hita.

 “El Rego”

El Rego

Theophile Rego, El Rego, 1938. urtean Beninen jaio zen musikari afrikarra da, eta afro-funkaren aitabitxia dela esan ohi da –Fela Kuti nigeriarraren maila berean dagoen izena da, askoz ezkutuagoa izan arren–. Bildumak 60ko eta 70eko hamarkadetako hamabi pieza biltzen ditu, Afrika bera baino koloretsuagoak eta dantzagarriagoak. Gainera, askotariko elementuekin jantzita datoz: perkusio tribalak, wah-wah efektuko gitarra hotsak, soul izpiak, teklatu kalamastrak, latin pasarteak edo funk kutsuko baxu erritmoak, besteak beste. Liluragarria.



Robert Mitchum, calypso!
May 14, 2012, 12:15 pm
Filed under: Musika, Zinea

Robert Mitchum (AEB, 1917-1997) Hollywood klasikoak ekoitziriko noir filmetako anti-heroi lakoniko gisa arras ezaguna da, besteak beste, Out Of The Past (1947), Angel Face (1952), The Night Of The Hunter (1959), Cape Fear (1962) itzaltsu eta grinatsuetan parte hartu zuen. Horretaz gainera, oso entzutetsua izan zen drogekin loturiko gertaera bat. Izan ere, 1957an marihuana zuela atzeman zuen poliziak Lila Leeds aktorearekin batera. Poliziak bere ogibideaz galdetu zionean, “aktore ohia” erantzun zion umoretsu. Horrek guztiak, tipo gogorraren irudia areagotu zion.

Parrandero drogazalea izateaz gainera, musika maite zuen biziki. Izan ere, gaztetan antzerki taldeetan aritu zen eta Julie arrebari hainbat kantu eta monologo idatzi zizkion nightclub-etan abesteko. Mitchum, baina, abeslari trebea zen, -zenbait filmetan ere abestu zuen-. Horren erakusle 1957. urtean Capitol zigiluarekin grabatu zuen Calypso Is Like So… diskoa, eta oraintsu LP formatuan Bear Family eta Rumble diskoetxeek berrargitaratu dutena, bi bertsio ezberdinetan baina azal berarekin.

Disko horren jatorrian Robert Parrish zuzendariaren film bat dago. Antza, Fire Down Below (1957) filma errodatzen ari zela Tobago eta Trinidad inguruetan, -beste batzuk Jon Hustonen Heaven Knows, Mr. Allison dela diote-, bertako erritmo beroak ezagutu zituen eta filamgtzearen atsedenaldi luzeetan etengabe aritu zen Calypso estiloko doinuak abesten. Jack Lemmon eta Rita Hayworth filmeko antzezleek Mitchumen zaletasuna ikusita profesionalki aritzea proposatu zioten.

AEBetara itzultzerakoan Capitol etxeko estudioetara sartu zen. Aintzat hartu behar da, gainera, sasoi hartan Harry Belafonte musikari eta aktoreak Calypso izeneko diskoa argitaratu zuela eta soinu tropikal hauek gau eta egun entzuten zirela modako taberna eta dantzalekuetan.

Calypso Is Like So… disko dantzagarria eta dibertigarria da, batez ere, Mitchumek bere egiten duelako Karibeko azentua ingelesean txertatuz. Hala hainbat musikari eta konpositorearen laguntzarekin, gitarra baztertu, haren ordez banjoa sartu, eta metalezko perkusioek, congek eta haize instrumentuek bultzatuta, aparteko konponketekin apainduriko disko trinkoa jaso zuen. Horren erakusle, From A Logical Poin Of View doinua, non “hobe zu baino emakume itsusiago batekin ezkontzea” bertsoa botatzen duen harro, edalontzi bete ron zurrustadaka edaten duen bitartean. Hamar urte geroago, That Man, Robert Mirchum, Sings country kutsuko diskoa grabatuko zuen…

The Balde



“Hunted by snake”, naturaren misterioak
February 1, 2012, 11:51 am
Filed under: Musika

Ruta 66 aldizkariko zuzendariak Cancer Moon-en estreinako diskoa ekoitzi zuen duela 20 urte.

Cancer Moon euskal taldearen estreinako lana, Hunted by Snake, 1990. urtean plazaratu zuen Bartzelonako Polar diskoetxeak. Dantzarako maxiak kaleratzen zituen Max Music enpresa ilunaren rock zigilua zen Polar. Hirukoteak sasoiko lan borobilena argitaratu zuen. Hala, diskoak kritika ikaragarri onak jaso zituen, baina Los Bichosen Color Hits-ekin gertatu bezala, ez zen askorik saldu. Horretaz gain, Hunted by Snake-n inguruan disko industriaren mafiarekin loturiko hamaika kondaira zabaldu ziren. Horregatik guztiagatik, kultuzko diskoa bilakatu zen.

Entzun!



Gaixotu zaitezte!
February 1, 2012, 11:46 am
Filed under: Musika, Uncategorized

Vinilisssimok The Cramps funtsezko rock-and-roll taldearen lehenengo bi LPak berrargitaratu ditu 180 gramoko binilo potoloan.

Zigiluak Madrileko Rastroan duen dendan eskuratu nituen hamaika aldiz entzunda izan arren, bere garaian ez bainituen formatu horretan erosi. Asteburu oso batez izan dira bueltaka nirean, etengabe. Izan ere, Poison Ivy (gitarra) eta Lux Interior (abeslaria) senar-emazteek 1980. eta 1981. urteetan plazaraturiko disko hauek ezinbestekoak dira rock-and-roll garaikideak eman dituen makina bat musikariren ondarea baloratzeko. Hala nola, Jon Spencer Blues Explosionek edo aurretik Pussy Galorek, The Beasts of Bourbon eta Scientists pizti aussie-ak edo Atom Rhumba euskaldunek, seguru nago buruz ikasi eta barneratu zituztela bi lan hauetako ulu eta erritmo guztiak.
Entzun!



Vile Cherubs / NATION OF ULYSSES: IAN MACKAYEREN KOPETA-ILEA
December 13, 2011, 10:02 am
Filed under: Musika

The Vile Cherubs bitxikeria izan zen 80ko hamarkadaren amaierako Washigton DC hiriburuko hardcore eta punk eszenan. Garai hartan Dischord zigiluak plazaratzen zituen post-punk soinuak nagusi ziren AEBetako hiriburuan, baina ile-kopetadun lau nerabe hauek Nuggets bildumetako Eskritura Santuak aldarrikatzeari ekin zioten. Tim Green gitarra jotzailearekin mintzatu gara, beranduago Nation Of Ulysses itzal handiko kultuzko taldean ere jo zuena. Talde berezi bi hauek, Washington DC-ko orduko eszena eta hainbat gauza gehiago izan ditugu solasgai Green jaunarekin.

Entzun! disko-liburuaren azken alean idatzi dudan elkarrizketa/erreportajea. Osorik hemen: Vile Cherubs/Nation Of Ulysses



Jupiter Jon, “Pleistozenoko Astelehenak”
November 29, 2011, 2:25 pm
Filed under: Musika

harremanetarako: jupiterjon.info@gmail.com
www.myspace.com/jonjupiterjon
jupiterjon.bandcamp.com
zuzenean
. . . . . . . . . .

Jupiter Jon:

Gernikako Kafea eta Galletak ekimen estimatuan ikusi nuen lehendabizikoz Jupiter Jonen sorburua. Sasoi hartan Gabon Caligula izenarekin taularatu zen laukotea. Izenak egiten gaituela esan ohi da, izenik gabe ez garela ezer. Otsaileko egun hotz hartan ikusitakoak eta entzundakoak, baina, erakutsi zuen identitate-dilema guztien gainetik, edukia dela funtsa. Alegia, arima, esentzia, muina. Eta gipuzkoarrek gordintasunez, leundu barik, erakutsi zuten euren nortasun primitiboaren sena emanaldi borobil hura zela medio.

Gauza bera sentitu dut Pleistozenoko Astelehenak taldearen estreinako lana entzuterakoan. Izan ere, oso urriak dira Euskal Herrian Jupiter Jonen sonoritateak landu dituzten bandak, -M-ak taldearen oihartzunak antzeman daitezke Baxik kantatzeko duen modugatik batik bat-. Horrez gain, espiritu tribalari jarraiki lortu du laukoteak pertsonalitate erraldoi hori. Ematen du Aidak haitzulotarrengandik jaso dituela bateria jotzeko irakaspenak. Tinbal eta danbor hotsak eragiten ditu erritmo sinkopatuak josteko. Baxik eta Nereak, halaber, ñabardurez beteriko gitarra joko sotilak gauzatzen dituzte, maiz disonantziez lokaztuta agertzen diren arren, eta Joxek, berriz, saurioaren taupadak bultzatzen ditu ditu lau sokekin. Harrizko eta lurrezko oinarri horri, taldearen ezaugarri nagusienetakoa gehitu behar zaio: gizonezko eta emakumezko ahotsen uztarketa gaizto bezain eztia.

Nolanahi den, musikariok beste taldetan ibiliak izan dira, hala nola, Baxik Akauzazten eta Bukaeran jo zuen, Aidak Lisabön eta Joxek Mar de Cristal taldean.

Diskoaren kantuei erreparatuz, “Danborra Bihotzarena” doinuak 70eko hamarkadako kraut erritmo karratu eta matematikoa txistukatzen du; “400 edo 500 gau” kantuan, Aidak eztarria urratzen du oihaneko aldarriak tarteko; “Jonfelix Boeing” 1978an Leeds hiriko unibertsitatean idatzitako kantua dela ematen du; eta “Trenak Irunera” piezari Dischord zigiluko protagonisten trazak hartzen dizkiot. Diskoaren diseinuan Karel Zeman animazio-maisuaren “Cesta Do Praveku” (1955) filmaren irudiak erabili dituzte. Bete-betean asmatu dute, film horren antzeko paisaia zirraragarria luzatzen baitu Jupiter Jonek bere Pleistozenoko Astelehenetan, malkartsua eta hostotsua.

Julen Azpitarte

 



Salmon, Mudhoney eta Comet Gain
November 10, 2011, 12:51 pm
Filed under: Musika

Kim Salmon & The Guys from Mudhoney

“Until…”

Paradoxikoa da, 2011 urtean gehien entzun dudan diskoetako bat 1995ean grabatu zen. Dena dela, aurten plazaratu du Santurtziko Bang! diskoetxeak. Kim Salmon australiar piztiak eta Mudhoney grunge munstroak AEBetan grabatutako hau undergroundak urteetan gordetako sekretua omen da. Izan ere, askok zuten grabazioaren berri, baina oso jende gutxik zuen entzuna. Horrelako esperimentuek ikusmin handia sortzen dutehasieran, baina emaitza entzun ondoren heldu ohi da desengainua. Oraingoan, baina, ez da halakorik gertatu, Kim Salmon & The Surrealists-en garaiko funk eta blues kutsua ikusgarri uztartzen baita Seattle hiriko uholde elektrikoarekin. Basatza gozagarria.

Comet Gain

 “Howl of a Lonely Crowd”

David Feck ingelesak zuzendutako taldea egungo pop banda interesgarrienetarikoa da. Sei urte igaro dira aurreko lana argitaratu zutenetik, baina seikotearen punk, soul eta pop nahasteak indartsu darrai; diskoa zabaltzen duen “Clang Of The Concrete Swans” emozioz beteriko ereserki dirdiratsua entzutea nahikoa da horretaz jabetzeko. “Working Circle Explosive!” kantan amorraturik ageri dira, eta After Midnight, After Its All Gone Wrong doinuan giro akustikoak dira nagusi. Horrela hamahiru harribitxi bildu arte, 42 minutu zoragarritan. Belaunika gaitezen pop egitasmo erraldoi honen aurrean!

Gaztezulo



ART CHANTRY tramankuluen bidezko propaganda
November 4, 2011, 11:29 am
Filed under: Artea
Art Chantry diseinugile grafiko estatubatuarrak itzal handia dauka rock and roll munduan. Esaterako, bera da 90eko hamarkadan Seattle hiri estatubatuarrean lehertu zen grunge mugimenduaren irudiaren erantzuleetariko bat. Izan ere, Sub Pop zigilu mitikoaren zuzendari grafikoa izan zen. Hole, Fluid, Pond, The Reverend Horton Heat, Mudhoney, Poison Idea edota The Presidents of the USA taldeen diskoetan Chantryren diseinu kontzeptualak ageri dira. Ez hori bakarrik, hiriko musika eszena guztia jasotzen zuen The Rocket aldizkariaren arduradun grafikoa ere izan zen.

Gaur egun ez du Nirvana deskubritu zuen diskoetxearekin lan egiten, baina R’N’R-arekin lotuta jarraitzen du; Estrus eta In The Red diskoetxeekin lan interesgarri bezain arriskutsuak egiten ditu.
Disko azalak ez ezik, kontzertuak eta antzezlanak iragartzeko poster liluragarriak, logoak, kamisetak, eta beste hainbat traste diseinatu ditu; guztira 5000tik gora kartel eta 500 disko-azal inguru. Punk rocker amorratua da eta horrek ez dizkio gauzak batere erraztu lan arloan. Izan ere, negozioetan autonomia profesionala mantendu nahi izan du, eta jakina denez, diseinugileak bezeroaren esanetara egon beharko luke. Hala, nahiz eta mainstream-aren aurkako jarrera sendoa izan, Print of Communication Arts bezalako diseinu agerkari profesionaletan ere agertzen da, bere lanek izugarrizko eragina baitute. Alkohol eta txokor zalea, egun St Louisen bizi da duela bost urte. Beharrean ez du teknologiarik erabiltzen –ordenagailuak eta hauen softwarea saihesten ditu–, eta bere lanak 50-400 euro artean saltzen dira. Arkeologoa da eta iraganarekiko sentitzen duen grina bere obretan ere islatzen da.
Chantry 1954 urteko apirilaren 9an jaio zen AEBetako Seattle hirian. Betidanik gustatu zitzaion marraztea, baina bere haurtzaroa gogorregia izan zen bere gaitasun artistikoak garatzeko. Aita alkoholikoa zen eta ama jotzen zuen. Hala, Chantryk, hamar urte zeuzkala, ihes egin zuen amarekin Tacomara. Bizitzaren alde ilunena ezagutu zuen. Biolentzia, drogak, kutsadura eta superstizioz beteriko hiria da Tacoma. Zorigaiztoko giro horretan Ted Bundy psikopata famatua –hamaika emakume hil zituen 70eko hamarkadan– ere ezagutu zuen. “1973an izan zen, Tacoma hegoaldeko taberna batean ezagutu nuen. Ni adin txikikoa nintzen eta Bundyk oraindik ez zituen emakumerik hil. Billarrean aritzen zen eta nire lagun batek eta nik beti irabazten genion. Haserre bizian jartzen zen, makila lurrera bota eta irainka eta zoruan ostikoka hasten zen. Tipo barregarria zen eta erraz haserretzen zen. Dibertigarria iruditzen zitzaigun hura iraintzea”, dio Chantryk.

Halere, Bundy anekdota hutsa da punk rockak gure protagonistarengan izan zuen eraginarekin alderatzen badugu. Izan ere, punk espresio grafikoak ohikoak dira bere lanetan: fotokopiak eta collageak, besteak beste. “1978an Negative Trend punk taldearen kontzertua iragartzen zuen kartela ikusi nuen Seattlen. Punk poster bat ikusi nuen lehendabiziko aldia zen. Diseinua Franko izeneko artista batena zen. Zur eta lur gelditu nintzen; flipatuta. Hartu eta apartamentuan itsatsi nuen, bi astez hura begiratzen egon nintzen. Artearen Historia ikasi nuen eta Dadá eta Surrealismoak liluratzen ninduten. Cal Scehnkel artistak Mother of Inventionen lehenengo diskoekin egin zuen lana zen gehien hurbiltzen zitzaiona. Baina kartel hura mukitsu batzuek oraintxe bertan eginiko lana zen. Dadak utzi zituen hitzen fruitua benetakoa bilakatzen ari zen une hartan Amerikako kaleetan. Niri zegokidan tokia zen, hantxe zulo bat aurki nezakeen”.
Dadaismoa eta Surrealismoa bezalako abangoardiako kulturak agerikoak dira bere lehenengo obretan, batez ere 80ko hamarkadan Washingtongo Unibertsitatean egiten ziren antzezlanetarako egin zituen karteletan. Chantryren lan onenak sasoi horretakoak direla esaten dute iritzi batzuk. “XX mende hasieran Europan izan ziren abangoardia kulturalen eragina nabarmena da poster horietan, baina baita Europa ekialdeko kartelen estiloarena; Poloniarrena, batik bat. Antzezlanetarako kartelek egilearen esfortzu handiagoa eskatzen dute eta iragartzen den gertaera argiago deskribatu behar da. Intelektualki, erronka handiagoa da rock poster batekin alderatzen bada. Oro har, rockarekin lotzen diren egitasmoak gehiago lotzen dira promozioarekin”. 50eko hamarkadako herri kultura estatubatuarra eta 60ko hamarkadako korronte psikodelikoaren zantzuak ere antzeman daitezke bere obran.
Era berean, rock munduan ere murgiltzen hasi zen 90eko hamarkadaren hasieran. Seattleko Sub Pop zigiluaren diseinu grafikoaz arduratu zen eta bere lanak geroz eta ezagunagoak egin ziren. Askok grungearen irudia berak sortu zuela baieztatzen dute. Bera ez dator bat baieztapen horrekin eta garai hartan eman ziren indar eta dinamika ezberdinen batuketari erreparatzen dio. Gainera, ez du batere atsegin grunge berba hori: “Sasoi hartan denetarik egiten nuen; Estrus, Sub Pop edo Rocket-ekin lanean ari nintzen artean, bilera artistikoetarako, antzezlanetarako, enpresa handi eta txikietarako lanak ere egin nituen. Guzti hori garaiko atmosfera estetikoarekin nahastu behar da. Nik kulturan eragin dut, baina kulturak ere nigan. Hau da, jende asko zebilen diseinu grafikoan, aldizkariak egiten, posterrak diseinatzen… azkenean guztiek bat egin zuten eta horrek grungea edo grunge estetika ekarri zuen (nire aburuz grungearen esanahia iruzurra da). Izen berria zeukan punk materiala zen, eta batez ere marketing estrategia berria. Bai, egia da, nire lanak izugarrizko eragina izan zuen, baina baita beste batzuen lanek ere. Une jakin baten denok egiten genuenaren konbinazioa izan zen erabakigarriena”. Hortaz, askoz erosoago sentitzen da underground-etik gertuago dagoen bezeroekin lanean. Esaterako, Dave Crider-ekin, Estrus zigiluaren jabea (gaur arte hainbat r’n’r talde interesgarriren diskoak argitaratu ditu, tartean, The Dexateens, Mono Men, Soledad Brothers, Federation X edota Cherry Valence) eta The Dt’s taldeko gitarra jolea (Chantryren azken lanetariko bat Nice ‘n’ Ruff diskoaren azalean ikus daiteke). “Dave Crider-ek eta nik bat egiten dugu, ikuspuntu bera daukagu. Musika maite dugu. Biok daukagu ondo definituriko muturreko gustu txarra. Zikinkeria izugarri gustatzen zaigu. Sub Pop bezero ezberdina zen. Bruce Pavitt (zigiluaren jabeetariko bat, gerora diskoetxea utziko zuen) eta ni ez ginen hain ondo ulertzen. Azkenean ados jartzen ginen, baina Brucek talde berriak behar zituen sei hilero, eta gauza bera gertatzen zen enpresaren arlo guztietan. Pavitt joan zenean behin betiko zuzendari grafikoa kontratatu zuten eta azkenik zigiluaren irudia erabat egonkortu zen”.

Diseinu kontzeptuala

“Ez dut arterik egiten, tramankuluak egiten ditut. Trasteak egiten dituen arkeologoa naiz, etorkizunean azter daitezen. Publizitate irudigintza da. Joko bitxia ezta? Baina dibertigarria”, dio Chantryk ironiaz. Baina hala da, hark industria-gizarte bati zuzenduriko “propaganda” sortzen du. Edozein publizista edo diseinugilek duen helburu bera dauka: jendearen pentsatzeko modua aldaraztea, lengoaia jakin baten bitartez; “jendearen burua izorratzea”, alegia. “Marra mota jakin bat erabiltzen dudanean –dio–, edo Art Deco diseinu bat aukeratzen dudanean, esanahi bat eman nahi diet diseinuei. Ikuslearen pentsamendua alda dezaket kolore edo forma jakin bat erabiliz. Diseinugile grafikoak oso boteretsuak dira, baina era berean gure kulturako kide gutxietsiak. Jende arriskutsua izan gaitezke. Michael Deaver Kaliforniako publizitate zuzendari handia, Ronald Reaganen presidentzia hautagairako kanpainaz arduratu zen. Berari esker lortu zuen presidente izatea. Adolf Hitler ere zuzendari artistiko paregabea izan zen”. Kontsumitzaileen burmuinak zulatzeko Chantryk bere “kultur detrituak” erabiltzen ditu, “funtzio eta intentzio ahaztuak dauzkaten tramankuluak”. Trasteok zikinak dira, zakarrak, inperfekzioz beteta daude. Iraganeko teknikekin landuak, bere burugogorkeriaren eta zintzotasunaren emaitzak dira. Bere lanetan ordenagailurik erabiltzen ez duenez, zaila egiten zaio bere diseinuak zehaztasun guztiekin argitaratzea. Teknika primitiboak erabili ohi dituen diseinugile garaikidea izaki, nola lortzen du merkatu modernoan bizirautea? Arte kontzeptuala da gakoa: “20 edo 30 urte neuzkala hasi nintzen diseinuaren munduan. Dena erabat ezberdina zen. Ordenagailuak indarra hartzen hasi zirenean teknologia laguntza gisa, nire etorkizunaz ohartu nintzen: nire lan teknikak zeharo zaharkituta geldituko ziren eta diseinuan jarraitzeko aukera bakarra nire ideien alde, tinko, mantentzea zen. Argi zegoen makina batek nik baino lan garbiagoa egin zezakeela. Edonork eros dezake makina bat eta hari esker diseinu ezagutza maila jakin bat lortu… baina makinok oraindik ez daukate ideiak jartzen duen botoia. Arlo horretan bai borroka nezakeen, nire gerrarako esparrua diseinu kontzeptuala zen”.

Entzun!



Diskoak!!!
October 13, 2011, 12:30 pm
Filed under: Musika

Al Supersonic & The Teenagers

“Not too Young”

Granadako soul talde hau zuzenean ikusteko aukera izan nuen Bilboko Kafe Antzokian Aste Nagusiko egitarauaren baitan, eta aho bete hortz gelditu nintzen. Ingalaterran jaioak direla dirudi, 60ko hamarkadako northern soul estiloa eta mod kultura bikain uztartzen dituzte eta. Hala ere, ez da revival talde hutsa. Distortsio izpirik gabe eta haize atal dotorearen laguntzarekin, soul kutsuko harribitxi garaikideak egiteko gaitasun aparta du talde honek. Horren erakusle, Stand by me dantzagarria eta Rumours iradokitzailea. Elegantea.

Ray Lugo & The Boogaloo Destroyers

“Mi Watusi”

Venezuelan jaio eta Manhattanen bizi den Ray Lugok onduriko latin kutsuko disko bero eta dantzagarri hau ekarri dut gurera, larruazalean jada udazkeneko haize fina igartzen dugun arren. Besteak beste, El Gran Combo, Willie Rosario, Ray Barretto, eta Mongo Santamaria latin-maisuen kantuak egokitu ditu maisuki Lugok. Diskoa Soy El Rey Del Boogaloo esanguratsuarekin hasten da, eta Lugo’s Boogaloo kantuarekin amaitu. Bien bitartean, bizkarrezurra hausteko moduko doinuak. Hortaz, alde batera utzi salda beroa, prestatu Caipirinha freskagarria eta… Baila el Boogaloo!

Wiccans

“Skullduggery”

Katorga Works AEBetako underground zigilua disko interesgarriak argitaratzen ari da. Estilo anitzetan mugitzen bada ere, oraingoan Texaseko Wiccans hardcore talde bikaina ekarri dugu gurera. Adi, bere estiloan aspaldian entzun dudan koadrila apartena da eta! Diskoan dozena bat kantu biribil jaso dituzte eta guztiek ikaragarri ondo islatzen dute hardcore eredua. Horren erakusle Witches pieza, erritmo azkarren zale guztiek zainetatik sartu beharko luketena. Coven Of The White Stag kantuan, berriz, melodiak egiten ere badakitela erakutsi dute. Maisulan basati, melodiko eta originala da.

Rational Animals

“Bock Rock Parade”

AEBetako Rochester hiritik datoz, Katorga Works zigiluaren marka dakarren diskoarekin. Hardcore estiloa gailentzen bada ere, soinu progresiboagoa jorratzen du laukoteak. Black Flag taldeak bere bigarren etapan arnasten zuen punk metal zalearen antzeko jario gitarreroa dute, eta riff korapilatsuetan Greg Ginn musikariaren eraginak nabari dira. Hardcore klasikoaren moldetik urruntzen den punk progresiboa dela esango nuke. Lan ilun eta mingarria da baina, era berean, beharrezkoa. Darker Shade Of Blue doinu darky-a entzutea baino ez duzue.

Gaztezulo



2000-2010, kantaz kanta (Gaztezulo aldizkarirako)
October 13, 2011, 12:27 pm
Filed under: Musika

Ez dira agian kanturik onenak, ezta gure gustukoenak ere. Gure belarrietara azken hamarraldian iritsi diren doinu adierazgarri batzuk baino ez.

GAZTEZULO.COM webgunean Eztabaida Gunea atal berria abiatu dugula baliatuta, galdera hau botatzea otu zaigu: Azken hamarkadan (2000-2010) egin diren euskarazko kantuetatik zein duzu gustukoen? Zuen memoria apur bat eragiteko asmoz, azken hamar urteetako kantu esanguratsu batzuek josi duten irudia ondu dugu.

Hamarkada ireki zuen 2000 urte gatazkatsu hartan, Betagarrik Freaky Festa lana plazaratu zuen egun desagertuta dagoen Esan Ozenki zigiluaren eskutik. Bandaren laugarren disko horretan Jabe izan arte kanta aldarrikatzaile eta festa zalea zegoen. Egun Gasteizko zortzikotearen kantu ezagunenetariko bilakatu da, ezbairik gabe.

Urte hartan, baina, beste hiru disko aipagarri ere ezagutu genituen: Fermin Muguruzaren FM 99.00 Dub Manifest, Dut-en Askatu Korapiloa eta Mikel Urdangarinen Espilue. Muguruzaren diskotik Dub Manifest itsatsi zen gure tinpanoetan; Bidasoaldeko rock hirukotearen azken disko ikusgarri hartatik Unean Uneko kantuaren baxu basatiak ahaztezinak dira, eta bizkaitar kantautorearen Non geratzen den denbora doinuak une lasai asko girotu zituen.

Handik urtebetera, Duteko Joseba Ponce taldekidea tarteko, Kuraia rock talde oldarkorraren lehen lana iritsi zen. Laukoteak Euskal Herriko makina bat areto, gaztetxe eta taberna zulo kiskali zituen, besteak beste, Egunsentian kantua jotzen zuenean.

Kashbad koadrilan abestu ondoren, Sorkunek bakarkako bidea hasi zuen 2002 urtean Onna diskoarekin. Lan horretako Lurra abesti iradokitzaile eta indartsuak zale bat baino gehiago harrapatu zuen. Urte berean, Gernikako Gatibuk Zoramena grabazioa kaleratu zuen eta Musturrek Sartunde kanta irratietan, txosnetan, eta plazetan arrakastatsu hedatu zen. Aldi berean, Xabier Montoia musikari eta idazlearen bakarkako azken lana entzun genuen: Ni ez naiz Xabier Montoia. Kutsu elektronikodun Omenka kanta nabarmendu zen.

Ken Zazpi ezagunek, berriz, 2003an grabatu zuten euren ibilbide luzean idatzi duten kanturik ospetsuena: Ilargia pop pieza, Bidean diskoan jasoa. Talde bizkaitarraren salmentek gora egin zuten aparraren antzera eta, zortzi urte geroago, arrakasta horrek bere horretan dirau. Ruper Ordorika zaleek, halaber, euren idoloaren kanturik preziatuenetarikoa entzun zuten: Kantuok jartzen ditut grabazioan jasotzen den Zaindu maite duzun hori, hain zuzen ere.

Zaila da, bestalde, azken urteetan euskal rockak eman duen talde entzutetsuenaren kantu bat aukeratzea. Berri Txarrak hirukoteaz ari gara. Nafarren ibilbidean jauzi kualitatibo azpimaragarria izan zen Jaio.Musika.Hil diskoa aukeratu dugu, eta guri lana apur bat erraztearren, diskoari izena ematen dion doinua gogoraraziko dugu. Ados, zuek beste dozena bat aukeratuko zenituzkete…

Gor diskoetxeak Lekunberrikoen lan hura kaleratu zuen urte berean, 2005ean, Metak zigiluak Azkoitiko Anari kantautorearen Zebra diskoa plazaratu zuen. Egun bere ohiko banda denarekin grabatu zuen lehena da eta bere bilduman, berriz, laugarrena. Diskoa zabaltzen duen Aingura Hegodunakek bihotza urratu zigun.

Iruñeko Kerobia pop-rock taldeak, aldiz, Rose Escargot lana ekarri zuen 2006an. Nafarrek hainbat zale erdietsi zuten kutsu epikodun kantu melodikoei esker. Britainia Handiko pop taldeen arrastoari segika, Esnatu naiz doinua sartu zuten aipaturiko bigarren disko horretan. Rafa Rueda songwriterrak, halaber, Saredun eskua kaleratu zuen. Pi.L.T. metal-rock laukotean jorratzen zuen jarioa baztertu, eta folk-rock esparruan murgildu zen mungiarra. Desagertuarena azpimarratu daiteke.

Hiru urteko saltoa egin eta Ibarrangelu eta Elantxobe aldetik The Uski’s boskotearen surf doinu kresaltsuak entzuten hasi ziren. Katuek Bezala diskoan jasotzen den izenburu bereko kantaren rock-and-roll erritmoek parrandarako grina pizten dute.

Dagoeneko iritsi gara 2010 urtera. Orain arte ez da Tolosako Deabruak Teilatuetan hardcore talde melodikoaren aipamenik egin. Izan ere, euren azken lana 1998 urtekoa da, Deabruak guarda! Dena dela, 2007an laukoteak 1973 lana argitaratu zuen. Ezaguna da talde honetan Ubeda anaiek jotzen dutela, eta bikiak, era berean, Bide Ertzean bandan aritzen direla, dotore gainera. Dagoeneko zortzi lan argitaratu ditu bigarren talde honek, azkena: Don Inorrez. Honetatik, Zurekin dantzatu nahi nuke doinua borobila da. Melodikoa oso, baina danbor hots sendoekin josia, eta soka konponketekin apaindua.

Trikiak, halaber, bere tokia merezi du zerrenda honetan. Hortaz, nola ahaztu Xabi Solanok zuzenduriko Esne Beltza. Trikia oinarri izan arren, estilo fusioa jorratzen dute. Horren erakusle, Noa diskoko Eskuekin: runba, trikia, hip hop, elektronika, eta abar.

Amaitzeko, azken boladan bereziki jo duen kanta nabarmendu beharrean gaude: Zea Maysen Era disko berriko Negua joan da ta. Emozioz beteriko kantu horren klipa izugarri zabaldu da gurean, batez ere gor-mutuen hizkuntza erabilita bideoko neskatoak igortzen duen intentsitateagatik, kantua are gehiago borobilduz.

Hauxe da euskarazko musikagintzak azken hamarraldian eman duenaren lagin bat. Orain zuen txanda da. Proposatu, eman botoa!

Gaztezulo




Follow

Get every new post delivered to your Inbox.