Honatx “Gaztezulo” gazteentzako aldizkaria agurtzeko aukeratu ditudan bi diskoen iruzkinak, biak ala biak emakumezko ahotsak

Doris Duke
I’m A Loser (The Swamp Dogg Sessions)

doris

Nobedade ez diren bi diskorekin agurtuko dut GAZTEZULO. Horretarako emakumezko bi ahots aukeratu ditut. Honakoa duela hiruzpalau urte berrargitaraturiko CDa da, eta I’m a Loser (1969) eta A Legend in Her Own Time (1971) diskoak biltzen ditu, lehenengoa oraintsu berrargitaratu dute LP formatuan. Hegoaldeko soul edo soul sakona deritzon estiloaren ordezkari bikaina da Doris Duke. Hogeitik gora gozoki gordetzen ditu, gitarra elektrikoen bakarkakoekin jantzita, soka konponketekin apainduta eta baxu jostalariekin josiak, Duken ahotsa ahaztu barik. Pop melodiak egiteko gaitasun ikaragarria duen gospel kutsuko soul eztarri goxoa.

 

Gal Costa
Gal Costa

gal costa 1968 - lp 1

Gal Costa brasildarrak Caetano Velosorekin batera argitaratu zuen lehen lana 1967an. Bossa maisulana izanagatik ere, bigarren lan homonimoa aukeratu dut Tropicalia izeneko mugimenduaren eguzkipean plazaratu baitzen, alegia, bossa eta psikodelia uztartu zuen mugimendu koloretsuaren barruan. Costaren ahotsa batzuetan leun ateratzen da bozgorailuetatik, baina beste batzuetan indarrez ere entzun daiteke, perkusioekin, fuzz efektuko gitarrekin, haize instrumentuekin, eta bestelako soinu espazialekin onduriko dozena bat doinu bikain hauetan. Diskoa duela urte gutxi batzuk berrargitaratu zuten  LP formatuan, eta Brasilgo musika maite dutenek zein pop zaleek gozatuko dute, baita aldizkari honen koordinatzaileak ere. Agur gaztezulotarrak!

http://www.gaztezulo.com

 

 

 

Musika atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

2012ko nire disko kutunak, Berria egunkarian!

http://paperekoa.berria.info/plaza/2012-12-26/028/001/Urteko_diskoak.htm

 

 

Musika atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

The Jon Spencer Blues Explosion “Meat + Bone”

The Jon Spencer Blues Explosion - Meat and Bone

Iragan martxoko astegun buruzuri batean, astelehen batean, hain zuzen ere, Biarritzeko L’Atabal aretora joan ginen lau lagun kotxez Bilbotik Jon Spencer Blue Explosion ikustera. Muga igaro, eta lokal horretan ikusitakoak txundituta utzi gintuen. Hirukotea ondo koipeztatuta aritu zen oholtzan, bolumena ikaragarria izan zen, bonbo hotsek inurriak eragiten zituzten sabelean, eta disko berrian agertuko ziren doinuei itxura ona hartu genien. Hortaz, irribarre zabalarekin bueltatu ginen etxera. Emanaldi basati eta izerditsu haren ostean, Meat + Bone entzuteko irrikan nengoen. Horretaz gainera, hirukotearen formulak azken diskoetan freskotasuna eta arrisku zaletasuna galdu zituela aintzat hartuta, ikusmina areagotu egin zitzaidan. Hala, zortzi urte eta gero, – Damage azken lana 2004 urtekoa da-, iritsi zaizkigu hamabi kantu berriak. Eta bai, Biarritzen ikusitakoarekin bat datoz haragiz eta hezurrez eginiko hamabi kantu hauek. Diskoa Black Mold kantuarekin hasten da, oldarkor, Spencer-ek biziki maite dituen molde beltzak aldarrikatzen dituen bitartean, “Art Blakey, Ornette Coleman and Milton Babbitt… Lonnie Smith and Grant Greene… the explosive Little Richard, Little Walter Shakey Horton, Jerry McCain… rolling around, around, around”. Bigarren kantua, Bag of Bones, blues kutsuko harmonikarekin hasten da, eta laugarrenean, Get Your Pants Off, funk doinuak entzuten dira Orange disko txalotuan bezalaxe, eta Danger pieza Black Flagen Damage kantuari lapurturiko riffak irekitzen du (sarean Bandera Beltzaren My War jotzen ikus daitezke oraintsu grabaturiko irratsaio batean). Hortaz, hirukoteak atzera eginiko bidaia honetan hastapenetan erakutsitako ezaugarri txundigarriak ageri dira: hiriko punk espiritua eta musika beltzaren esentzia bortxatua. Black Keys baino lehenago, White Stripes egon ziren, eta horien aurretik JonSpencer Blues Explosion. Hiruretatik deserosoenak dira Blues Explosion, beraz, gustagarrienak!!!

http://www.entzun.com

Musika atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

60ko hamarkadako gutiziak disko txikian

Azken boladan 50eko rhythm and blues (R&B) eta 60ko garage-rock single pirata asko argitaratzen ari dira, orain repro ere deitzen zaie. Tsunami biniliko horretatik 60’s punk estiloko hiru berrargitalpen ofizial aukeratu ditugu, kantuen egileen baimenarekin berrargitaratuak ez ezik, kantu ikaragarriak gordetzen dituztelako eta garaiko argazkiekin eta ohar interesgarriekin osatuta datozelako.

Hala, Floridako Evil boskoteak bost kantu baino ez zituen grabatu 1966an hiru ordutan. Horiek guztiak ezagunak dira garage-rock zaleentzat. Single honetan argitaratutakoek baina, estreinakoz ikusi dute argia. Izan ere, 1965ean talde gazteen lehiaketa bat irabazi eta egun berean grabatu zituzten bi kantuok sari gisa. A aldeko From a Curbstone kantua taldeak inoiz grabatutako R&B doinu basatiena da. B aldeak berriz, Short Life biltzen du. Eztiago hasteagatik ere, sutsu amaitzen da. 60ko urteetako punk bildumazaleen aburuz, azken urteotako berrargitalpen onena da. Single basapiztia!

Lisboako Groove diskoetxeak berrargitaratu du Missouri-ko Modds laukotearen singlea. 1966an grabatu zuen Leave My House doinua eta bat-batean kultuzko kantu bihurtu zen. Kantu ero honetan gitarra solo gordin bezain zoragarria aurre-aurrean entzuten da, erabat saturatua, ahotsa ondoan duela. Berrargitalpen ofizial honi esker, gainera, grabazioaren atzeko aldean galdutako baxua eta bateria antzeman daitezke. Antza, aurreko berrargitalpenen nahasketetan oinarri erritmikoa ez zen batere entzuten. Burua galtzeko. B aldeko All The Time In The World folk kutsuko balada aspergarriagoa da.

The Sloths 1964ko urtean eratu zuten lau ikaslek Beverly Hills Institutuan. Single hau Impressions zigiluak argitaratu zuen urtebete geroago eta 500 ale baino gutxiago plazaratu ziren. Horietako batzuen azalak taldekideek apaindu zituzten mimeografo izeneko tramankulu baten laguntzarekin, egun 6.500 dolarretan saldu izan dira. Ugly Things diskoetxeak plazaratu duena egundoko berrargitalpena da. A aldeak Bo Diddley-ren gitarra erritmo primitiboan eraikitako Makin’ Love kobazuloko oihua jasotzen du (aurretik berrargitaratua izan da inoiz). B aldekoa berriz, inoiz argitaratu gabeko folk rock kutsuko You Mean Everything harribitxia da.

Musika atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

The Sonics, “Here are The Sonics”

Imagen

Aldizkariko koordinatzaileak disko klasiko baten iruzkina egiteko eskatu dit eta zaila egin zait bakarra aukeratzea. Hala, makina bat talde eta artista etorri zaizkit burura, tartean, Dream Syndicate, Ornette Coleman, Gun Club, Gang of Four, Etta James, Bo Diddley eta Nick Drake. Baina azkenean pentsatu dut. “Ze hosti, ze disko beharko luke mundu guztiak izan etxean? Joder, ba 60ko urteetako The Sonics garage-punk taldearen lehendabiziko lehergailu oihularia”, koordinatzaileak aukera erraza dela aurpegiratu didan arren, kar,kar. Sarritan esan diet garagardo artean Kafea eta Galletak antolatzen duten bi elementuei disko hau gehiago entzun beharko genukeela euskaldunok, askotan leporatzen zaigun seriotasun eta sakontasun dramatiko hori leherrarazteko. Izan ere, aldarri hedonista honen entzunaldi hazkundeak psikologo bat baino gehiago langabeziara bidaliko luke.

Norton Records-ek berrargitaraturiko kantu hauek Etiquette zigiluak plazaratu zituen estreinakoz 1965. urtean. Hala, Tacoma hiriko boskoteak Rolling Stones inbasoreen itzalari jarraituz, rhythm and blues musikari beltzen kantuak hartu eta bereak egin zituen estudioko soinu adierazleak gorrian jarri arte. Horretaz gainera, kantu propioak ere idatzi zituen taldeak, eta seguruenik rock-and-rollaren historiak eman duen hirukote basatiena grabatu ere: The Witch, Psycho eta Strychnine. Hiru kantu horiek gaindituko duen doinurik ez duzue aurkituko. Bost nerabek etxeko garajean grabaturiko punk ereserkiak dira, basatiak, oldarkorrak, saturatuak, dantzagarriak eta behin betikoak. Miriam Linnak garbi uzten du berrargitalpenaren oharren lehen lerroan: “Esku artean duzuna historiako punk disko onena da”. Arrazoia du. Jarri disko hau edozein taberna edo festa pribatutan eta ziur naiz jendea erotu eta dantzan hasiko dela Psycho kantuaren danbor kolpeak, Boss Hoss doinuaren saxo hotsak eta Gerry Roslieren garrasiak entzun eta berehala.

Ados, koordinatzaile jauna, aukeraketa erraza izan da nirea, baina ezinbestekoa: irla huts batera disko bakarra eraman beharko banu, hauxe eramango nuke, baina karpetaren barruan BOOM ere sartuko nuke, Tacomakoen bigarren lana, kar, kar. (Iruzkin hau Berdela herriko tabernari eta lagunari eskaini nahi diot bere zuloa eta gure buru nerabeak garage-rock erritmoekin betetzeagatik). Uauuuuuuuuuuuuu!!!

http://www.entzun.com

Musika atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

“Kafe Aleak”

Hauxe da Kafea eta Galletak-eko Ibonek eta Leirek argitaraturiko “Kafe Aleak” liburuan egin dudan ekarpena. Creative Commons lizentzipean eginiko argitalpena da, eta paperean eskura daiteke: kafeaetagalletak.net.

Musika atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

ROCK AND ROLL ZANTARRA

Aspalditik ezer gaurkotu barik bloga. Azken boladan Entzun! urtekariaren azken alerako kontuak idazten aritu naiz. Honatx 2006. urtean argitalpen horretan argitaraturiko kontutxo bat:

CRYPT RECORDS rock and roll zantarra

Crypt Records ezinbesteko diskoetxea da rock and roll garaikidea ulertzeko. Hark argitaratu du azken bi hamarkadetan grabatu den rock and roll zikin dastagarriena. Koipe hori sinatu duten talde askok, gainera, –The Gories, New Bomb Turks, Teengenerate, Nine Pund Hammer, Los Ass-Draggers, Jon Spencer Blues Explosion, Devil Dogs, Lazy Cowgirls eta Oblivians, besteak beste– ibilbide oparoak egin dituzte eta gaur egun underground-etik datozen doinuetan ikaragarrizko eragina izan dute.

Crypt, baina, diskoetxe faxistatzat jo daiteke. Izan ere, kaleratzen dituen diskoak ezaugarri komun batzuk dauzkate: soinuari dagokionez zatarrak izan ohi dira eta gehienetan punk and roll, rhythm and blues eta garaje rock soinu likitsez bustita daude; erabat lizunak dira. Hortik at, deus ez. Tim Warren, nagusiaren gustu txar eta fundamentalistaren isla dira. 50, 60 eta 70eko hamarkadetako doinu lohi eta gordinen maitale sutsua da. “Akaso erlikia bat naiz ala disko zaharrak maite dituen zalea, 24 pistako grabazio mahaiak eta musika modernoa gorroto ditudalako? Bi pistetan grabaturiko musika nahiago duen punka naiz. Gaizki produzitutako zaborra atsegin dut, ozena, desafinatua eta yuppien kontrakoa. Musika txarra atsegin dut!”, aldarrikatzen du Warrenek 1987ko Ruta 66 aldizkariaren ale zahar batean jasotzen den elkarrizketan. Horrelako adierazpenak irakurriz gero, Warren, ergel hutsa dela pentsa daiteke. Nola daiteke, orduan, bere zigilua hain itzal handikoa izatea? Warren rock and roll arkeologoa da. Talde garaikideek grabaturiko diskoak kaleratu ez ezik, 60ko hamarkadako nerabe estatubatuarrek eratzen zituzten garaje rock talde ezezagunen kantuekin osaturiko bilduma-saila itzelak argitaratu ditu. AEBetan, Beatles eta Rolling Stones-i erantzunez, hainbat gaztek gurasoen etxeetan zeukaten garajeetan entseatu eta hiruzpalau single grabatzen zituzten. 500 ale, 100 edo 75 argitaratzen zituzten. Warrenek biziki maite ditu lehendabiziko punk gazte horien doinuak. AEBetako zakarrontzietan etengabe aitzurtu du kanposantuko ehorzlea balitz bezala, gaur egun kopeta-iledun r’n’r zaleek sutsuki entzun ohi dituzten bildumak karrikaratzeko, tartean, Back from the Grave eta Teenage Shutdown bilduma-sailak. “1983an sortu nuen zigilua. Ezkontzako opariak saldu nituen dirua lortzeko. Kamioneta hartu eta AEBetan barrena bidaia luzea hasi nuen bikotekidearekin, 60ko hamarkadako disko arraroak lortzeko eta talde haietan jo zuten taldekideak bilatzeko. Hiru aste ondoren kamioneta hautsi zen; ez zegoen konpontzerik. Taldekideak bilatzea lan erraza izango zela uste genuen, baina lan arras zaila zela ohartu ginen. Azkenik Back from The Grave-ren lehen bilduma argitaratu genuen diru gutxi geneukalako eta bidaiarekin jarraitu nahi genuelako. Argi geneukan gure helburua benetako Teenage Punka erakustea zela”, dio Crypteko buruak.

Musika, Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi